Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
5.7. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren arautzerik ez izatea Bizkaian
2008ko uztailean, ofiziozko jarduketa bat hasi genuen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin batera, batez ere eguneko zentroetan eta harrera-zentroetan arreta behar zuten adinekoei eta urritasuna duten pertsonei eragiten dien araudi gabezia horren zergatiak jakiteko.
Adinekoentzako harrera-zerbitzuei dagokienez, Sailak esaten zuen bere egoitzen foru-sareak nahikoa baliabide zituela, lurraldeko harrera-eskaera iraunkor eta aldi baterako guztiak artatzeko. Eguneko zentroekin lotuta, adierazten zigun zenbait eremutan gerta zitekeen gabezia banakako laguntza ekonomikoen deialdien bidez ordezkatzen zela. Azpimarratu genion laguntza horiek diru-laguntza izaera zutela (laguntza horiek ematea ekitaldian kreditua egotearen mende dago), eta AMALek jasotzen duen zerbitzuari lotutako prestazioa, berriz, eskubide subjektibo bat dela.
Eguneko arretako zentroei eta urritasuna duten pertsonen harrera-zentroei dagokienez, adierazi digute lurraldean zeuden plaza guztiak foruarenak zirela, eta horrenbestez, ez zegoela zerbitzu pribaturik lurralde horretan. Hala ere, esan genion lurralde historikotik kanpo egoitza-arreta pribatua jasotzearen kasua gerta zitekeela (Arabak kontuan hartu duen egoera).
Azkenik, Aldundiak jakinarazi zigun araudi hori egiten hasi zela, pertsona bat egoitza batean, erregimen pribatuan, zaindu eta erantzukizun publikoko plaza esleitzen zaion arteko denbora-tarte horri aurre egiteko beharra zela eta.
Hain zuzen ere, izapidetutako kexa batzuek frogatzen zuten plaza esleitu arteko itxaro-denbora luzeegia izan zitekeela –kexa batzuetan bederatzi hilabeteko itxaronaldia erregistratu zen–.
Espediente jakin batean, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuari lotutako prestazioa ukatzeko eman zuen arrazoia hau izan zen: "eskatutako prestazio ekonomikoa funtsatuko zuen araudirik ez izatea".
Gure ustez, egokia izango zen zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa onartzea (AMALen 17. artikulua), mendekotzat aitortu den pertsonari dagokion eskubide subjektibo bat baita (lege-testu horren 1. artikulua). Eskubide horren erabiltzeak ez luke egon behar derrigorrez bete beharreko legezko manua garatzen duen araudi bat izatearen edo ez izatearen mende.
Gure ondorioetan, hauek azpimarratu genituen: araudi hori ez izatearen ondorio negatiboak, Bizkaian bizi zen biztanleriari eragiten ari zitzaizkion kalteak, eta araudi hori ez egoteak dagokion administrazio-prozedura argitzea oztopatzen zuela eta administrazioari segurtasun gabezia juridiko argia eragiten ari zitzaiola. Foru-erakunderi adierazten genion komenigarria zela araudi hori ahalik eta denbora-tarte txikienean onartzea.
Araudi hori onartzen ez den bitartean, foru-administrazioari proposatzen genion antolamendu juridikoak eskain zitzakeen bideak aztertzeko, araudi gabeziak eragiten zituen kalteak arintze aldera:
– Erreferentziazko estatuko xedapenen aplikazio gehigarri posiblea: AMALen 1.1., 4.1., 5.1., 14.3., 17.1. eta 28.6. artikuluak, de la AMAL; bere 28.1. artikuluak, 30/1992 Legearen aipamen orokorra jasotzen duena, eta foru-erakundearen jarduketa haren arabera bideratzeko eta mendean jartzeko aukera ematen diguna, bai eta administrazioarentzat gutxieneko bermeen sistema bat ezartzeko ere –ekintzen eraginkortasunaren atzeraeragina, sare publikotik kanpoko egoitzan mendeko-egoeran dagoen pertsonak igarotako egonaldiak eragindako gastuak zer datatik aurrera hartu behar diren kontuan ezartzeko 57.3. aginduarekin bat, esate baterako–; eta AMALeko 20. artikulua, 7/2008 Errege Dekretuak, urtarrilaren 11koak, AMALen 2008. urteko prestazio ekonomikoei buruzkoak, eta 73/2009 Errege Dekretuak, urtarrilaren 30ekoak, 2009 ekitaldirakoak, ezarritakoen arabera zenbatu beharko liratekeen hileko kantitateak kalkulatzeko.
– Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuneko bide posiblea, zerbitzu publikoen funtzionamendu arruntaren edo ezohikoaren ondorioz. Hala, planteatu beharko litzateke erakunde kudeatzaileak 30/1992 Legearen 139. artikuluen eta ondokoei jarraiki sortutako kalte-galeren aurrean erantzun beharko lukeen. Aukera hori kontuan hartuta, azter daiteke administrazioak berak ondare-erantzukizuneko aipatu prozedura ofizioz hastea (lege horren 142. artikulua) eta haren bideratze laburtua (143. artikulua) adostea, zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta eragindako kaltearen kausalitate-erlazioa bistakoa dela ulertzen baita, bai eta kaltearen eta kalte-ordainen zenbatekoaren kalkuluaren balioespena ere.
Bukatzeko, iradokitzen genuen komenigarria zela bere garaian onartu zen araudiak zegokion xedapen iragankorra jasotzea, ordura arte erantzunik jaso ez zuten aurreko egoera guztiak atzeraeraginezko izaeraz jasoko zituena.
Azkenik, 2010eko ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiak 90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, mendetasuna duten pertsonentzako Bizkaiko foru egoitzen zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa arautzen duena, onartu zuen. Ikusten dugunez, dekretu horrek saihestu egiten du harrerazkoak ez diren beste zerbitzu batzuei lotutako prestazioen arautzea, hala nola eguneko zentroena.